martes, 9 de septiembre de 2014

UltraTrail Montblanc - 168 km - 9600+


THE NORTH FACE ULTRATRAIL DU MONTBLANC


Abuztuaren 29 an Chamonix Ultratrail munduaren elkargune izan zen. Ultra World Tour- aren barruan  proba erregina, bereziena eta izen handikoena.

Laisterketa hontan parte hartzeko aurreko 2 urteetan distantzi luzeko 2 edo 3 laisterketa (80-160 km) bukatuak izan behar dituzu. Ondoren zozketa bat izaten da urtarrila hasieran  mundu osoko kirolarien artean, 2300 korrikalarik izaten duten bertan parte hartzeko “zortea”.

Chamonix da probaren hasiera eta helmuga,tartean 168 km eta hainbat mendi igo eta jeitsi behar, 19.200 metroko desnibel metatu  osatuz. 48 Orduko muga dago Frantzia, Italia eta Suitza zeharkatzen dituen abentura hau osatzeko.

77 Nazioetako korrikalariak izan ziren, erdiak Frantziarrak, atzetik Espainia, Italia, Ingalaterra, Japonia etb.

Proba honek duen fama eta antolakuntza bikainak tentaturik zozketara izena eman nuen, urtarrila hasieran plaza bat tokatu zitzaidan, eta orduantxe hasi nuen prestaketa.

Entrenamenduaren oinarria egunero Itziarko lantokira korrika joatea izan da, asteburuetan saio luzeagoak eginez. Orotara 35 astetan 2435 km ( asteko batazbestekoa 70 km) izan dira korrika mendian, 86.436 m aldapa gora igoaz. Bolumen txikia maila hontako erronka ondo egiteko,arriskatzeko,  hortaz helburua lasai hartu eta zuhurtziaz korrika egitea izan da, indarrak ondo neurtu jan eta edan ugari eginez.  Oso garrantzitsua izan da buruz indartsu jutea, motibatuta eta aurreko hilabete terdian laisterketa gogorrik ez izatea.

Inguru menditsu horretan ezinbesteko materiala eramatera behartuta gaude antolakuntzaren arauei menpe eginez, bidean kontrolak egiten dituzte hortarako.

Motxila batean emandakoak;
-Janari edana eta litro bat ur.
- Galtza luzeak eta euritako beste pare bat.
- Kamiseta manga luzea.
- Goretex jaka.
- Eskularru iragazkaitzak.
- Txapela edo buff-a.
- Txilibitua
-Emergentzi manta
- 2 Frontal eta hauen 2 pila joko ordezkoak.
-Zinta elástico edo esparadrapua.
- Karneta, 20 euro eta mobila.

Irteera- Chamonix – Arratseko 17:30

2 ordu daramatzat lurrean eserita jendetzaren artean, gero megafoniatik esaten dute lehen 200 dortsalak irteera aurrean zona “vip” moduko bat dutela, 174 dortsala naiz, korrikalari faboritoen ondoan jarri naiz hasierako jende uholdea ekiditeko.  Arratsaldeko 17:30 eta jende asko kaleetan, Vangelis-en abesti motibagarri batekin irteera aurreko minutuak hunkigarriak dira. Galdera bat buruan, bukatuko ote dut? Momentuz euria hasi du eta horrela jarraituko du ondorengo 3 orduetan.

Saint Gervais – km 21

Ikaragarrizko jendetza, animoak,  musika, giro aparta benetan. Lehen hornidura puntua eta hainbeste janari dago ze hartu ez dakidala. Bustita noa eta zerbait epela honena, te beroa, fideo sopa, bizkotxo eta galletak. Hemendik aurrera lainoteriaren ondorioz iluntasuna nagusitzen doa, gaua hurbilduz.


Giro bustia eta kamiseta blai, jaka Goretex-a jantzi dut energia gutxiago xautzeko.

Col du Bonhomme - km 44,2 - 2439 m

Igoeraren azken zatian izarrak agertu dira, makilak astinduz gora iritsi gara eta fresko dago, eskularruak jantzi eta behera ziztuan.

Les Chapieux – km 49,4

Jeitsiera azkarraren ostean hornidura postu bikaina. Kamiseta aldatzea erabaki dut eta manga luzea jantzi, lepoan zapia eta eskularruak. Gaua luze joango da eta datozen mendi gailurretan lehor joatea atsegingarriagoa izango da.
Jateko sopa beroa, tea, gazta piskat ogiarekin, gailetak, bizkotxoak, menu hauxe errepikatuko dut ia laisterketa osoan eta oso ondo izan ditut tripak .

Courmayeur –km 77

Zeruan argitasuna ageri da, badator eguzkia.. hainbeste ordu frontaleko argiari begira gogoa izaten da egun argia ikusteko. Erdibideko atseden gunea nagusia, hemen deskantsurako legua dago, lo egiteko, dutxak, makarroiak, lagunen edo entrenatzailearen asistentzia. Aurretik antolakuntzari emandako gure zakua daukagu ( janaria, erropa,zapatilak etb ). Gune hauetan bakoitzak ikusten du zenbat gelditu nahi duen, adibidez aurreko postuetan doazenak 5-15 minutu erabiliko dituzte, nire kasuan erropa goitik behera aldatu, mahaian lasai jan, luzaketa batzu egin, 30 min. Atzerago dabiltzanak, lo egiten dutenak ba orduak. Oraindik asko falta da eta puntu hontan gehiegi luzatu ezkero bigarren gauean korrika gehiago sufritu daiteke.

Bertone – Bonatti babesetxeak – km 82-90

Babes etxe historikoak, 2000 metroko altueran pista politetan korrika eginez gozatu dut goizeko lehen orduetan. Ezkerrera begiratuz Montblanc eta inguruko menditzarrak, glaziareak, paisaia ikusgarria mendi zaleentzat. Bukeran Arnuvako bailara zulora 5 km behera.

Grand Col de Ferret – km 99 – 2525 m

Makilak erabiliz igoera gogorra, hauspoa beteta, geldialdi txikiren bat arnasa hartu eta ura edateko. Gaina harrapatu eta 20 km behera, nire kasuan beti esaten dut gora gustorago noala, behera oinak gehio sufritzen dutelako. Zati honek indarrak dexente xahutu dizkit.

Champex Lakua –km 122,4

Praz de Fort etik igoera pikoa baten ostean hemen gara hornidura puntuan, janari pilo bat baino betikoa jan dut, sabeleko arazorik ez eta txakalaldi handirik ere ez, Kafea eta koka kola hobe ez edan esfortzu garaian.
Parisko gazte batek esan dit orain datorrela zatirik gogaikarriena, eta baita etorri ere, 2000 metro pasako 3 igoera eta jeitsiera piko, izterrei errematea emateko bikaina.

Vallorcine – km 149,2

Bovine eta Catogne pasa ostean hornidura postua, bertan Debako lagunak; Arkaitz Astiazaran, Mariaje Castro, Carli eta hauen alabak. Poza eta indarra eman didate animoekin, benetan eskertzekoa. Azken mendiaren zati bat Arkaitz eta Marije rekin egin nuen solasean, indartsu eta helmuga urre urre ¡.

La Flegere – km 160

Azken hornidura, ura edan eta ziztuan behera, gaua da, Baso bide batean behera, sustraiak, harriak, erreka txikiak, bide malkartsua, zaila korrika jeisteko!.



Chamonix – km 168

Helmugarako azken metroak, alai, pozik, bideoetan hainbeste aldiz ikusitako zatia, jendea afaltzen dago, garagardo bat edaten, txaloak, umeak eskuak luzatzen, hunkigarria da. Gaueko 22:40 tan iritis naiz, 29 ordu eta 12 minutuko saioa eginda, 88. postuan, oso gustora. Helmugan ez dut familia baino bihotzean daramatzat, etxean familia eta lagunak watsap talde batean jarraipena egiten ibili dira, argazkiak, animoak, ze polita!.

Bukatu ostean dardarka hasi naiz, hotza, ahuldadea, logurea, motxilan dudan erropa guztia jantzi eta dutxa beroaren bila abiatu naiz. Kiroldegira iristean lurruna eta ur beroa, preziorik ez duen plazer momentua,

Horrelako proba bereziek bizipoza ematen dute urte osorako, goizean jeiki eta entrenatzeko aitzakia, ilusioa,, Bakoitzak ahal duen einean jar dítzala erronka txikiak eta berauek lortzen saiatu dadila, gora kirola!.

Igon Mancisidor

Irabazleak

Gizonak
1- Francois D Haene – 20 h 11 min.
2- Iker Karrera – 20 h 55 min.
3- Tofol Castañer – 20 h 55 min.
Emakumeak
1-Rory Bosio – 23 h 23 min.
2- Nuria Picas – 24h 54 min.
3- Nathalie Mauclair – 25 h 47 min
.










No hay comentarios:

Publicar un comentario